XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bibli itzulpenen irizpide berriak

Itun Berriaren orain arteko itzulpenak, beren hartan ez ziren liturgiarako erabilgarriak; beren garaiko erak eta kutsua zituztelako eta jendaurrean irakurtzeko ikuspegiz eginak ez zirelako.

Horregatik, beste hizkuntzetan ere itzulpen berriak egin behar izan dituzte.

Biblia, berez, elkarte baten barruan sortutako idazkia da; herri baten bizitzan eta historian zehar sortutako idazkia.

Gaur ere Bibliaren baliorik nagusiena eta lehenengoa Jainkoaren herriaren sinesmen-oinarri eta iturburu izatea da; eta, bakarka ere bai, baina batez ere batzarrean eta pasarteka irakurtzen den liburua.

Pasarte askotan ikus daitekeenez, ahozko literaturaren era bereziak aurkitzen ditugu liburu honetan: liturgi ospakizunetik sortu eta liturgi ospakizunerako egina izan den ahozko literaturaren era bereziak.

Gure kasuan, beraz, hau da Bibliaren itzulpenean zaindu beharreko alderdirik nagusiena: jendaurreko irakurketarako behar duen egokitasuna; batzarrean bildurik, norbaitek agerian irakurri eta, entzunez, denek ulertuko duten itzulpenaren egokitasuna.

Horrelako liburu baten itzulpenak, jatorrizko textuaren mamia eta erak jasotzearekin batera, itzulpeneko hizkuntzaren estruktura eta erak ere gordetzea eskatzen du, hizkuntza horretan egokiak eta jatorrak diren esaldiak moldatzea, alegia, entzuleek esanahia zuzenean jasotzeko moduan.

Bibli jakintzek aurrerapen haundiak egin dituzte gure mende honetan.

Baina bereziki Bibliaren itzulpenari dagokionez, jakintza-mota berria sortu dela esan daiteke azken hamabost-hogei urteotan.

Itzulpen-teknika berri baten bideak urratu dira.

Itzultzailearen lege nagusia leialtasuna dela esan ohi da, eta hala behar du izan.

Baina ez dira gaurregun lehenago bezala ulertzen leialtasun honen nolakotasunak.

Lehen, itzulpen leiala, hitzez hitz, ezer erantsi eta ezer kendu gabe egindakoari esaten zitzaion.

Gauza jakina da, ordea, sistema bat dela hizkuntza eta ez dagoela berdintasun osorik hizkuntz sistema batetik bestera.

Eta hori ez bakarrik hiztegia aberatsagoa edo murritzagoa delako, baizik hizkuntza bakoitzaren barne-egitura berezia delako, literatur alorrerako ahalmen desberdinak dituztelako, hitzen esanahia bera aldatu egiten delako gutxi-asko, eta abar.

Itzulpen-irizpide berriek, formazko berdintasuna deritzana alboratu, eta berdintasun dinamikoa hartu dute itzulpen-eredu: hau da, balio berdineko indarra duen itzulpena (2) Itzulpenaren eta bereziki bibli itzulpenaren teoria berri hau aztertzeko, ikus batez ere , eta bereziki 8. kapitulua: . Ikus halaber ; gaztelaniara itzulia dago: laster azaltzekoa da gaztelaniazko itzulpena: ; gaztelaniara itzulia dago: .